XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EGUN ETA BIHAR

Zaluago, gorago, azkarrago !

Burrunba ikaragarria egiten du astekari huntan bestalde aipatua den txirrindularien Frantziako itzuli horrek.

Gainerat, aurten, kasik 48 orenez Euskal-Herrian dugu, ez baita holakorik arrado baizik gertatzen ahal...

Helduden ortziraletik harat haatik, gaitzeko burrunba izanen da ere aldi huntan Ipar-Ameriketako Atlanta hirian egitekoak diren Olinpi-Joko famatu horiekin.

Lasterka, jauzika, igerika eta zernahi jokotan artzekoak dira 197 herrialdetako hamar bat mila kirolari !

271 urrezko medaila emanen dira, beste hainbeste zilarrezkoak eta beste hainbeste berrunezkoak...

Olinpi-Jokoen salla ez da segur oraikoa.

Historiatzale batzuen arabera, lehenak egin ziren kasik bederatzi mende Jesukristo zortu aintzin, Grezian, hango errege batek sustaturik.

Geroxago, Jesukristo sortu aintzineko 776-garren urtean, erabakia izan zen joko mota asko sartzen ahalko zela zoin-gehiagoka horietan eta geroxago finkatu zen ehun hilabetetarik eginen zirela, heldu baita nunbait han zortzi urtetarik.

Joko nagusiak ziren bi lasterraldi, bat oinez eta bestea zaldiz.

Greziako hirien artean ardura baitzen kalapita frango eta berdin gerta zerbait ere ba, denek bortizkeriari uko egiten zuten Olinpi-Jokoak iragaiten ziren egunetan...

Lehen mendeburua

Luzaz, grekoak baizik ez ziren artzen balentria horietan bainan denborarekin Erromanoak ere lotu ziren bide berari.

Laugarren mendean, alde bat debekatuak izan ziren haatik, apezpiku batek galdaturik, sobera lizunkeria bazela joko horien karietarat eta arrunt pagano jokoak zirela.

Handik mendeño baten buruko edo holatsu, lur ikara batek suntsitu zuen joko horiek egiten ziren tokia...

Olinpi-Jokoak kasik ahantziak bezala ziren iragan mendean greko aberats batek nahi ukan zituelarik arrapiztu.

Bainan nehor ez zitzaion biziki jarraiki... Geroxago, 1892-an, frantses bat izan zen, Pierre de Coubertin, xede bera bere gain hartua zuena.

Lau urteren buruko muntatuak izan ziren 1896-an beraz, Olinpi-Joko berriak, berrehun eta zenbait kirolari, gehienak grekoak, arizan baitziren bederatzi jokotan, Greziako hiri nagusian preseski...

Frantses apez batek zuen denbora hartan asmatu geroztik Olinpi-Joko honentzat denek onartua duten lema gisakoa, dena ere latinez, mintzaira hortan denek aiseago hartuko zutela: citius, altius, fortius.

Erran nahi baita zaluago, gorago eta azkarrago..!

Udako Olinpi-Joko berrietan, aurtengoak 26-garrenak dira, lau urtetarik egiten baitira.

Sekulan ez dukete ukan hoinbeste aipaldi !

Gauza ederra da holako saila.

Oraino aise ederrago litake haatik diruak ez balu funditua kirolen mundua !

Funtsean, hori ez balitz hola, aurtengo jokoak, lehen mendeburua izanki eta, Grezian egitea izanen zen egokienik.

Bainan parte handia sosarekin eta sosaren gatik dabiltza joko horiek eta aldi huntakoak amerikanoek dituzte beraz bildu, 2000-garren urtekoak Australian eginen direlarik...

Itzalak itzaltei, ukan dezatela halere merexi duten bezenbat arrakasta !

Terrorixta omen zen...

Errepublika egunean, Chirac presidenta oren batez mintzatu da bainan ez du gauza handirik erran.

Zernahi jende bazuen Pariserat gomitatua.

Besteak beste Nelson Mandela Hego-Afrikako lehendakaria.

Aintzineko egunetan Inglaterrako erreginak ere berdin handizki errezebitua...

Badira behar bada hori ahantzia dutenak bainan Nelson Mandela luzaz preso egona da eta ez hain aspaldi oraino terrorixta kondu ekarria zen...!

Gauzak nola kanbiatzen ahal diren bestenaz !

J.-B. D.